Amurrioko Enpresakek ekainaren 3an egin zuen Batzar Nagusia ReforAmurrio Enpresaldean. Topaketaren helburua azken urtean egindako jardueren balantzea egitea eta 2026rako aurreikusitako proiektu eta lan-ildo nagusiak partekatzea izan zen.
Jardunaldia enpresentzako dirulaguntzei buruzko informazio-saio batekin hasi zen. Bertan, SPRIko Bezeroarentzako Arretako Arloak eta Áurea Subvenciones enpresak parte hartu zuten. Saioan, enpresa-inbertsioak babesteko dauden laguntza-programak aztertu ziren, eta bertaratutako enpresek finantzaketa publikorako sarbideari buruz dituzten kezka eta proposamen nagusiak partekatu zituzten.
Batzarrean, halaber, Enpresak Zaintzen proiektua aurkeztu zen, ASASAM Aiaraldeko Osasun Mentalaren Elkartearekin elkarlanean garatua. Enpresa pilotuekin izandako esperientziaren ondoren, 2026an ongizate antolakuntzailea, estresaren kudeaketa eta enpresetako komunikazioa hobetzeko ekintza berriak jarriko dira martxan.
Elkartearen jarduerari dagokionez, 2025ean garatutako ekintza nagusien errepasoa egin zen. Horien artean nabarmentzekoak dira ontzi-hondakinen atez ateko bilketa zerbitzua martxan jartzea, ekonomia zirkularrarekin lotutako ekimenak, Adimen Artifizialaren inguruko prestakuntza-ekintzak, energia-komunitatearen garapena, elkartearen komunikazioa indartzeko egindako lana eta Aiaraldea Lanean Federazioarekin izandako lankidetza.
Era berean, 2026rako aurreikusitako lan-ildo nagusiak aurkeztu ziren. Horiek elkartearen orain arteko estrategiari jarraipena ematen diote, enpresa bazkideei balio erantsiko zerbitzu eta proiektuak eskaintzeko helburuarekin. Aurreikusitako jardueren artean honako hauek nabarmentzen dira:
- Ontzi-hondakinen atez ateko bilketa zerbitzuari jarraipena ematea.
- Enpresetan Adimen Artifizialaren prestakuntza eta aplikazioa sustatzea.
- Enpresak Zaintzen programa garatzea.
- Energia-komunitatea eta jasangarritasunarekin lotutako beste ekimen batzuk bultzatzea.
- Amurrioko industria-eremuen hobekuntza eta mantentze-lanak sustatzea.
- Enpresen arteko komunikazioa eta lankidetza indartzea.
- Aiaraldea Lanean Federazioarekin eta eskualdeko gainerako eragileekin elkarlanean jarraitzea.
Batzarrean, aho batez onartu ziren 2025eko kontuak eta 2026rako jarduera-plana.
Azkenik, bertaratutako enpresek etorkizuneko ekimen eta behar berriak partekatzeko aukera izan zuten, eta berriro ere agerian geratu zen enpresen eta eskualdeko eragileen arteko lankidetza funtsezkoa dela Amurrioko eta Aiaraldeko enpresa-sarea indartzeko.
Amurrioko Enpresak elkarteak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten enpresa guztiei, eta bazkide diren zein etorkizunean izan daitezkeen enpresa guztiei gonbidapena luzatzen die elkartearen jardueretan parte hartzera eta Amurrioko enpresa-ehuna indartzen laguntzera.
Iruzkin berriak